ONGI ETORRI

Ongi etorri teknologia berrien txoko honetara!
Teknologiaren zirrikitu eta txokoak ezagutzen joango gara pixkanaka.
Ea zulo beltzeren batek ez gaituen irensten, ala bai!

2011/10/30

JATORRIZKO/ ETORKIN DIGITALAK



Gaur egungo ikasleak teknologia digitalpean hazi dira eta horregatik desberdin pentsatzen eta  desberdin prozesatzen dute informazioa eta garuna ere fisikoki desberdina izan daiteke. Gizatalde berri honi jatorrizko digitalak deitzen zaio. Eta teknologia digitalik ez zegoen garaian jaiotakoak eta gerora horretara moldatutakoak etorkin digitalak dira. Azken hauek gerora moldatu dira lenguaza berri horretara eta aurreko lenguaiaren “azentua” izan ohi dute.

Jatorrizko digitalen ezaugarriak honakoak dira:
  • Informazioa azkar jasotzera ohituta daude
  • Prozesu paraleloak eta ataza asko batera egitea gustatzen zaie
  • Grafikoak testuak baino nahiago dituzte
  • Zorizko sarrerak nahiago dituzte, hiperloturak adibidez
  • Sarean hobeto lan egiten dute
  • Berehalako eta maizkako sariak nahiago dituzte
  • Jolastea gogor lan egitea baino nahiago dute
  • Ez daude irakurtzen ohituak?

Etorkin digitalen ezaugarriak aldiz, hauek dira:
  • Mantso, pausuz pausu ikasten-irakasten dute
  • Gauza bakarra aldiro
  • Eta serioski lantzen dute
  • Ikastea ezin da dibertigarria izan, ez da telebista ikusi eta musika entzunez lortuko

Eta eskoletan ikasleak jatorrizko digitalak direnez eta irakasleak etorkin digitalak direnez, lenguaia desberdina hitzegiten dute eta arazoak izaten dira elkar ulertzeko. Eta zeinek eman beharko luke amore? Ikasleak eta lehengo erara ikasi, ala irakaslea moldatu beharko da ikaslearen lengoaiara? Galdera honen erantzuna bakarra da eta ikaslea eta gizartea desberdina denez bere izaerara moldatu behar da hezkuntza eta irakaslea ere.

Eta horretarako hezkuntza edukiak eta metodologiak aldatu behar dira. Metodologia aldetik ikaslearen hizkuntza erabiltzen saiatuko gara, azkarrago joanez eta paralekoan, baina garrantzitsua dena mantenduaz. Eduki aldetik, curriculum tradizionalak iraganaren herentzia suposatuko du eta geroa  teknologiko eta digitala izango da eta pentsakera berria ekarriko du.
Irakasle etorkinaren zailtasuna gauza zaharrak era berrian azaltzea izango da eta horretarako metodologia berriak eskura jarri behar dira, bideojokuen bidez ikastea, adibidez.




Nire burua non kokatu behar dudan pentsatzean etorkin digitala naizela ziurtatzen dut. Telebista jaso izan dut etxean baina nik 12 urte nituela iritsi zen ordenagailua gure etxera, ia jolasteko bakarrik balio zuena eta kartutxoekin funtzionatzen zuena. Gerora, institutuan nengoela Writting Assistant, diskete txikiak eta horrelakoak ikusi genituen eta enpresaritza ikasketak egiten ari nintzela oso teorikoa izan zen ikasgaia izan zen informatikarena, MS-DOS teorikoki erakutsi zitzaigularik ( egun batean bakarrik joan ginen Informatika fakultateko informatika gelara).Gainera, nire garaian bideojokuak edo jokuak bederen bazeuden arren (Pacman), ez naiz beraien oso zalea izan inoiz. Hala ere, gerora ofimatika ikastaroak egin izan ditut eta ordenagailua orain dela 10 bat urte sartu zen gure etxean. Internetarekin ez naiz gaizki moldatzen eta programa eta baliabide berriekin  pazientziaz eta beldurrik gabe aritzen naizela esango nuke.

Hala ere, zenbait gauza oraindik ere “antigual” erara egitea atsegin dut, telefonoz mezuak bidali, liburu fisikoak eta dokumentu asko ere paperean irakurri, eta facebook eta twitter bezalako sare sozialetarako zaharregia nagoela iruditzen zait, eta gainera ez daukat denborarik!

Nire lanbidean ere nahiko digitalizatuta nabilela iruditzen zait, kanoien bidez aurkezpenak, moodle pixka bat,pendrive-arekin egun guztian… eta tira, denon aldetik ahalegina eginez ea elkar ulertzen dugun!

Metodologia berriak bilatzea egoki deritzot, ze askotan berdina azaltzen dugu beste formato berrian, baina horretarako irakasle-taldeak eta baliabideak eta laguntza jasotzea ezinbestekoa iruditzen zait.

Gainera, batzuetan teknologia berriek huts egiten digutenerako ere, estrategiak izan beharko ditugu, ezta? Zer egin behar dugu internet edo ordenagailurik gabe bagaude?



2011/10/29

Teknografia eta kulturaren inguruan...

LABURPENA:  Filosofía constructiva, tecnografía y política
                             de tecnociencia, cultura y sociedad digitales
                   Manuel Medina
                            Universitat de Barcelona


Filosofia konstruktiboak teknika eta kultura elkarrekin doazela eta historikoki informazio eta komunikazio teknologien berrikuntzek kulturan izan duten eragina izugarria izan dela ( idazketa, alfabeto eta tipografiatik hasita) eta egunotan ere oso nabarmena dela azpimarratzen du. Informazio eta komunikazio tekniken desberdinen garapen aroak,  nola hizkuntzatik hasita, idazketa, alfabetua, inprenta eta informatikaraino, bere kultura eta ahozko informazioaren gizartea izan du eta aldi berean bere ezagutza teknikoen ondotik gizarte berria sortu da.

Kultura digitala osagai sinboliko eta materialez osatua dago, kultura zerbait materiala ere bada eta teknologiaren garapenak garrantzia du, adibidez, gaur egun hardwarea softwarea bezain garrantzitsua da.

Gizarte digitalen kultura sistema kulturalen sare oso konplexua da, non eragile, ingurune material, sinboliko, antolaketako eta biotikoak eta baliabide kulturalak partekatzen diren, elkar aberastuaz.

Ingurune material elektronikoak eta kode bitarrean zenbakituak dauden ingurune sinboliko digitalak bereizten dira ordenagailuetan.
Eragileetan banakoak, kolektiboak eta beren praktikak bereiz ditzakegu, eta erabiltzaile hutsak eta ikertzaile, teknikari,diseinatzaile, programatzaile, ekintzaile, hornitzaile, enpresari, itzultzaile, erregulatzaile eta  legegileak ere izango ditugu. Eragile kolektiboak izango lirateke sare eta komunitate birtualak, elkarte eta unibertsitate eta ikerketa zentruak eta enpresa pribatu eta administrazioa, nazioarteko erakundeak,…

Sistema zientifiko eta teknologikoen berrikuntzak bere ingurune eta sistema sozial eta kulturaletan eragina du, teknologia, kultura eta gizartea ez direlako sistema itxiak eta beraien artean etengabeko elkarrekintza ematen delako. Honela, adibidez, eragile batzuek software librea garatu dute. Berrikuntza hauek finkatu egin behar dira: teknikoki funtzionaltasuna, fidakortasuna eta iraupena segurtatuaz eta era berean bere ulerkortasuna eta kulturan transferentzia edo integrazioa bermatuaz eta azkenik, gizarteak onartzea. Bere ulerkortasuna eta integraziorako sistema teknologiko eta zientifiko berriak birdiseinatu eta moldatu beharko dira (transferentzia) eta zenbait eragilek asko egin dezakete berrikuntza hauen zabalpen eta eraginkortasunean (administrazioak, enpresak, ingeniari eta zientzilariak,…).

Gaur egun, arlo teknozientifikoan XX.mendetik TIC digitalen erabilera ezinbestekoa da eta teknozientzia digitalak aurrerapen handiak ekarri dizkigu teknologia nuklearrean, bioteknologian, ingenieritza genetikoan, nanoteknologian eta baita ekoizpen industrialean, merkataritzan eta finantza digitaletan ere. Globalizazioaren arora iritsi gara Interneten bidez eta e- elkarrekintza modu berriak ere badatoz: e-learning, e-adminstration, e-politics,e-democracy,...

Honek, antzinako sistema kulturalak hankaz gora jarri ditu eta kaltetu ditu neurri batean: ingurumena, zentral nuklearrak, ingenieritza genetikoaren ikerkuntza, zaintza eta kontrol sistema konplexuak, sistema finantzieroen manipulazioak krisi ekonomikoa ekarri du, enpresen deslokalizazioak,... Teknozientzia digitalen jabetzak hegemonia berriak ekarri ditu eta honekin gatazka eta injustizia berriak.

Gainera, berrikuntza eta eraldakuntza hauen ezarpen masiboari, sistema berri hauen eragin eta ondorioei eta beren garapenak ekarritako krisi eta gatazkak gobernuek nola kudeatu behar dutenari buruzko erronka eta zalantza berriak sorteen dira. Batzuetan eredu tradizionalekin talka egiten dute eta gatazkak eta krisiak sortzen dira ez badira sozio-tekniko-kulturalki finkatzen. Finkapen honetan egon daitezkeen arazoak aurrikusi, aztertu eta konpontzen saiatu behar da, garapen jasangarria bultzatuaz. Garapen jasangarria sistema tradizionala eta berriaren arteko bateraezintasunak desagertuaz edo sistema tradizionala eraldatuaz lortuko da. Horretarako hausnarketa ahalegina egin beharra dago, iragana berreraiki eta oraina ulertuaz, helburuak eta arauak ezarriz etorkizuna aurreikusteko. Filosofia konstruktiboa filosofia publikoa izango da zientzia eta teknologia ikasketez lagunduta egungo gizarte teknozientifiko digitalek dituzten arazo publikoak konpontzera saiatuko den filosofia.

IKT/ KONPETENTZIA DIGITALA mapa kontzeptuala

Hemen doa, testuari buruz egindako mapa kontzeptuala:

2011/10/25

COMO ENFRENTARSE A JETAS Y MANTAS testuari buruzko hausnarketa

Testua irakurtzearekin batera gehiago edo gutxiago egoera horretan egon izanaren sentsazioa izan dut, nahiz eta lan bat benetan zapuzteraino ez den izan. Edo agian egoera zailak ez ditugu gogoratu nahi…edo ez ditugu zaildu edo konplikatu nahi izaten…eta  noski jeta eta mantak gailentzen zaizkigu!

Taldelanaren abantailak eta onurak asko zabaldu dira bere alderdi pedagogikoa hartzen badugu kontutan. Irakaskuntzaren ardatza kooperazio horretan jartzen da askotan. Baina zer gertatzen da taldean horrelakoren bat dugunean? Nola jokatu? Ez da zaila izaten egoera horri aurre egitea, batez ere behartutako talde lana bada: bai unibertsitatean, lanean,…Askotan berez konpontzen ez dela ikustean, zaila egiten zaigu mugak jartzea eta taldearen izenean dena onartzen dugu. Denbora gutxirako izan ohi denez, lana bukatzeko desiotan egoten gara eta ez dugu neurririk hartzen. Arduradunarengana joatea (dela lan arloan dela ikasketetan) kosta egiten da, lankide/ikaskide txarra izango garelakoan ( eta gainera kontakatilua!), baina ez al da bere lankide/ikaskide txarra?

Etxean eta lagunartean denean,  erlazioa luzaroagokoa denez (bizitza osorakoa askotan) 2 aukera egoten dira: mugak jartzen dira eta kasu egiten ez badu pertsona horrekin ez duzu kontatzen edo HORRELAKOA dela onartu eta  parasito bat dugula onartzea besterik ez zaigu geratzen, bere alderdi onek zerbait goxatu dezaketelakoan APROBETXATEGI horren izaera.

Gai hau umore puntuaz hartzen saiatu naiz, baina egia esan uste baino gehiago daudela uste dut, eta bizitzako edozein arlotan topa ditzakegula ( zer esanik ez goi kargu eta politikarien artean). Herrialde honetan benetan lan egiten duena %20a da eta % 80a bere bizkar bizi dela esatea, gehitxo esatea al da?
APROBETXATEGIen aurkako HASERRETUEN plataforma sortu beharrean gaude. Bazatoz edo horretarako alperregia zara?

Jatorrizko testua irakurtzeko (gazteleraz) ondorengo helbidean klikatu dezakezue